XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nafarroako IUk erabaki hau hartu baino lehenagoko egunotan zenbait filtrazio periodistiko izan dira Lizarra-Garaziko akordioaren inguruan.

Azkenetako bat talde iraunkorrak abenduaren 30eko bileran prestatutako dokumentu bat izan da.

Egun hartan talde iraunkorreko kideak goizez eta arratsaldez bildu ziren.

Agiria goizean landu eta adostu zuten, baina arratsaldeko saioan aldaketa batzuk egin zituzten.

Europa Press agentziaren bidez filtratutakoa goizeko bertsioa zen, aldaketarik gabekoa.

IUkoak agerian gelditu dira, goizeko zatian bakarrik izan zirelako eta arratsaldeko aldaketen berri ez zutelako.

Interpretazioa: IUko sektore bat ez dago eroso Lizarra-Garazin, eta irteteko giro aproposa sortu nahi izan du filtrazioekin.

Aznarrek bere estrategia birtualarekin segitzen du, Gobernua-ETA fokoa handituz eta beste aldeari bakeari beldurra izatea leporatuz.

Costas Simitis Greziako lehen ministroarekin batera eskainitako prentsaurrekoan, ziurtatu du ETAk oraindik ez duela interlokutorerik izendatu.

Urtarrilak 14

OSTEGUNA

Elkarrizketa Ibarretxe lehendakariarekin

Lehendakari kargura iristearekin batera Ibarretxek hamaika elkarrizketa eskaera izan du, espero zitekeen bezala.

>Egunkariei dagokienez, eskaera guztiak aintzat hartu nahi izan ditu.

Horretarako, bi egunetan bildu ditu elkarrizketa guztiak, eta denbora muga zorrotzak jarri ditu: ordu erdi bat bakoitzeko.

Egunkaria-k bere txanda izan du, eta niri egokitu zait Ibarretxe elkarrizketatzea lehen aldiz lehendakari gisa.

Arratsaldeko 6etan izan dut hitzordua, eta egunaren azken elkarrizketa eta zerrenda luze baten ez dakit zenbatgarrena zenez, aitortu beharra dut, automata bat aurkitzea espero nuen.

Ez da hala izan.